Zigarreta elektronikoa: erretzeari uztetik haratago

V2 eZig-a

Apurka-apurka zigarreta elektroniko (edo eZig) gehiago ikusten hasi gara gurean. Eta ez alferrik, honezkero Estatu Batuetan eta Europar Batasunean bakarrik 1500 milioi euro mugitzen dituen merkatua baita. Azkenaldian irakurritakoek motibatuta eta eZig hauek nola funtzionatzen ote duten argitze aldera, hauetako bat erosi diot V2 Cigs etxeari.

Funtzionamentu aldetik oso sinpleak dira eta azkeneko modeloek ez dute inolako mikroprozesagailu beharrik (nahiz eta gaztelaniazko wikipediak kontrakoa esan). Zigarretaren gorputza bateria berkargagarri bat da, aldamenean botoi bat eta kanpo muturruen LED argi bat dituena. Barne muturrean kartutxoa enroskatzen da, honek e-likidoa eta atomizatzailea biltzen ditu. Aldameneko botoia zapaltzen den bakoitzean atomizatzailea berotzen da eta bero honek e-likidoa lurruntzen du, LEDa ere aldi berean pizten da.

E-likidoak konposaketa ezberdinak izan ditzake, baina hedatuena propilenglikol alkohola da, berez toxizitate oso baxua duena. Honi nikotona (aukeran) eta zaporeak atxikitzen zaizkio. Osasunarentzat kaltegarria denik baieztatu ez bada ere, eZig-aren aurkako berriak ikus-entzun ditzakegu komunikabideetan, baina batek ez daki ardura edo irabaziak gal ditzaketen tabakeraren bat dagoen horrelako informazioen atzean.

Edonola, tabakoa uzteko beste metodoetatik urrun kokatu genezake eZig-a (adib., Fagorren Nicostopper-arekin konparatuta). Autodebekuaren gainetik dagoelako eta kultura berri baten elementua izan daitekeelako, tabakoaren metaforatik aldendu ahala.

Aipatzekoa da ere eZig-ak ez direla erretzen, ez baitago konbustiorik. Ingelesez eta gazteleraz vapeatu egiten dira eta euskaraz erabakitzeko daukagu lurrundu edo bapeatzen diren (talde Andoaindarraren Babarruna eta Aza Popurrek bestelako lurrinak sortzen badituzte ere).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>