Hileko artxiboak: iraila 2012

Papilio = FPGA + Arduino

Aurreko blog-sarrera batean, FPGA teknologiari buruz hitzegin nuen, hardware digitala eraikitzea ahalbidetzen duten txipak.

Gaurkoan, horrelako FPGA bat txertatzen duen teknologia askeko txartel bat dakart: Papilio. Txartel hau Xilinx etxearen kostu baxuko Spartan 3E FPGA txip baten inguruan antolatzen da, horrez gain, USB konexioa (programaziorako) eta EEPROM bat (bitstreama era egonkorrean gordetzeko) dauzka. Txartela creative commons lizentziapean komertzializatu eta askatu da, hortaz, edonork kopiatu dezake, moldatu ala edonolako produktutan erabili.

Ez nahikoa honekin, sustatzaileek Papilio txartela Arduino ingurunearekin bateragarria den Core aske batekin uztartu dute, hau da, posible da FPGAren “silizio likidoa” erabiliz Arduino baten gisan funtzionatzen duen prozesagailu bat sintetizatzea. Gehiago, nahi izanez gero prozesagailu honi nahi dizkiogun moldaketak egin diezaizkiogu.

Gadget factory-koak daude Papilio proiektuaren atzean, eta blog interesgarri batez gain Papilioak zozketatzen dituzten lehiaketa bat antolatzen dute astero. Erosteko Papilio One 250K 49.99$ eta Papilio One 500K 74.99$.