Guifi.net: sistema txertatuentzako ekosistema berria

Guifi.net-en hedapena

Guifi.net-en hedapena

Joan dira aste bi Bergarako Udaletxean Guifi.net alkateari eta bere talde teknikoari aurkezten izan ginenetik.

Ordainsariarekin zamatutako autopista birtual bat da Internet, autopista birtualak eraikitzeko kostuen eskala izugarri txikitu den garaietan. Guifi.net gure errepide sare propioa eraikitzea ahalbidetzen duen proiektua da, Katalunian jaioa eta era naturalean hedatu dena.

Errepide sarea eraikitze lanek sortu dituzte eredu ekonomiko oso interesgarriak Euskal Herrian (Gaueko, GipuzkoaShare) eta sortuko ditu gehiago. Baina bigarren olatu batekin eredu berri batzuk ere etorriko dira, errepideari lotutako zerbitzuekin (gasolindegiak, zerbitzu guneak edo jatetxeak liratekenak): Guifi.net-i lotutako zerbitzuentzako sistema txertatuak oinarri izango dira errepide sare birtuala benetako munduarekin lotzeko.

Phonesat: sakeletik espaziora

Aste honetan izan dut Phonesat proiektuaren berri lankide baten bitartez. NASAko langile entusiasta batzuren barne-elkarrizketa eta gogoetatetik dator galdera: zergatik gastatu milioika dolar espazioan argazkiak egiten dituen satelite batean, gauza bera nire sakelekoak egin badezake?

Phonesat satelitea puxika batekin espazioratua (Iturria: Wikipedia)

Galderari erantzuna emateko, teknologia irekiak erabilita (hein handi batean) garatu da Phonesat proiektua, mugikor batean oinarritutako NASAko satelitea. Labur esanda:  Nexus One telefono adimentsu batean Android sistema eragile batekin eta S-bandako irrati bat Arduino bat tarteko integratuta. CPU eta memoria prestazioak bataz-besteko NASA satelitearenak baino altuagoak… ez da makala! Energia eguzki-panel bitartez berkargatzen diren 12 Li-Ion b ateriek ematen diote.

Ariketak ‘hacker’ espiritua igortzen du lau haizetara eta iradokitze ugari planteatu. Garai batean COTS txipak edonon (kotxeetan lehendabizi, hegazkinetan ondoren) erabiltzen hasi ziren bezala, baliteke etorkizunean sistema txertatu osoak (adib., telefono adimentsu plataforma bat, Rasberry Pi bat edo Parallela bezelako proiektuak ) erabiltzea, bere hortan, eskaintzen duten ziurtasun (milioika erabiltzailek etengabe frogatua) eta prestazioengatik.

Zigarreta elektronikoa: erretzeari uztetik haratago

V2 eZig-a

Apurka-apurka zigarreta elektroniko (edo eZig) gehiago ikusten hasi gara gurean. Eta ez alferrik, honezkero Estatu Batuetan eta Europar Batasunean bakarrik 1500 milioi euro mugitzen dituen merkatua baita. Azkenaldian irakurritakoek motibatuta eta eZig hauek nola funtzionatzen ote duten argitze aldera, hauetako bat erosi diot V2 Cigs etxeari.

Funtzionamentu aldetik oso sinpleak dira eta azkeneko modeloek ez dute inolako mikroprozesagailu beharrik (nahiz eta gaztelaniazko wikipediak kontrakoa esan). Zigarretaren gorputza bateria berkargagarri bat da, aldamenean botoi bat eta kanpo muturruen LED argi bat dituena. Barne muturrean kartutxoa enroskatzen da, honek e-likidoa eta atomizatzailea biltzen ditu. Aldameneko botoia zapaltzen den bakoitzean atomizatzailea berotzen da eta bero honek e-likidoa lurruntzen du, LEDa ere aldi berean pizten da.

E-likidoak konposaketa ezberdinak izan ditzake, baina hedatuena propilenglikol alkohola da, berez toxizitate oso baxua duena. Honi nikotona (aukeran) eta zaporeak atxikitzen zaizkio. Osasunarentzat kaltegarria denik baieztatu ez bada ere, eZig-aren aurkako berriak ikus-entzun ditzakegu komunikabideetan, baina batek ez daki ardura edo irabaziak gal ditzaketen tabakeraren bat dagoen horrelako informazioen atzean.

Edonola, tabakoa uzteko beste metodoetatik urrun kokatu genezake eZig-a (adib., Fagorren Nicostopper-arekin konparatuta). Autodebekuaren gainetik dagoelako eta kultura berri baten elementua izan daitekeelako, tabakoaren metaforatik aldendu ahala.

Aipatzekoa da ere eZig-ak ez direla erretzen, ez baitago konbustiorik. Ingelesez eta gazteleraz vapeatu egiten dira eta euskaraz erabakitzeko daukagu lurrundu edo bapeatzen diren (talde Andoaindarraren Babarruna eta Aza Popurrek bestelako lurrinak sortzen badituzte ere).

Droneak: amodio gutun bat

ArduCopter quadkoptero bat (arducopter.co.uk)

Droneak hegazkin ez tripulatuak dira, jatorri militarra badute ere, teknologien (batez ere baterien) aurrerapenei esker kostuz izugarri jaitsi direnak. Ezagunenak quad/hexa-kopteroak bilakatu dira, ziurrenik pixu gehien altsatu dezaketelako, eta pixu gehiagok kamara hobea eta airetik egindako argazkien kalitate handiagoa dakarrelako.

Denboratxo bat da horrelako bat montatzeko beroaldia ezin pasa nabilela, ahal dela teknologia libreak erabilita, baina hasiera puntu bat lortu behar lehenik. Hortarako aproposena ArduCopter-a izan daiteke, Arduinon oinarritutako dronea, baina garestia da baita bertsio oinarrizkoenean ere (599$). Beste aukera bat zatitan erostea da post honetan iradoki bezala. Edo bertsio nimiño batekin hasi, adibidez, CrazyFlie. Edonola, aukera merkeena kopia (ez libre) txinatarra da.

Aireko bistak lortu edo entretenigarriak izateaz gain, droneek potentziala izan dezakete etorkizuneko banaketa zerbitzuetan (nahiz eta batzuk tamalez bromatzat hartu) edo imaginazioak eman dezakeen beste aplikazio batzuetan.

Horregatik, amodio gutun hau drone bat montatzeko prozesuan parte hartu nahi duenari, kostuak eta esperientzia elkarbanatzeko. Mondragon Unibertsitateko ikasle hauek bezala, Simulink-eko simulazio batekin hasi gintezke.

Arduinok ez du guztia konpontzen

Sortzaileek ere ez zuten mundua konpontzeko sortu, baina zalantzarik balitz: “Arduinok ez du guztia konpontzen”.

Makina erramintaren inguruan teknologia propioak sortzeko elkarrizketa batean,  Siemens, Telemecanique edo Omron bezalako enpresa tekno-kolonizatzaile berrietatik ihes egiteko Arduino bat planteatzen zen, adibidez, zenbaki kontrola inplementatzeko.

Astakeri bat iruditu zitzaidan Arduino (beharrezko aldaera edo shield-ekin) planteatzea eta ez ondoren askatu daitekeen beste edozein teknologia, hurrengo arrazoiengatik:

1) PCB bat garatzearen kostua, jakintza eta merkaturako denbora txikiak dira ad-hoc eraikitzeak dakarren balio atxiki handiaren aurrean (tamaina, forma, periferikoak, etab.).

2) Arduinoren teknologia zaharra da (8biteko prozesagailu bat dauka) eta erreferentzia bezala beste edozein garapen txartel erabil daiteke, ‘hardware askearen’ kontzeptua urtetan dabilelako ‘de facto’ martxan sistema txertatuen munduan.

Arduinok erakusten diguna “nola egina” partekatuz negozio eredu duinagoak posible direla da (beste gauza askoren artean) eta ez software-aren kasu partikularrean eman daitekeen “bere hortan” erabiltzearen kultura.

Maiztasun altuko trading-a eta FPGAk

Blog honetan bertan FPGA teknologiaz mintzatu gara sarri eta nola teknologia honek hardware askea eraikitzeko eta partekatzeko ematen dituen aukeretaz: OpenCores proiektuaz, Papilio txartelaz, Parallella proiektuaz, etab. FPGAk negozio eredu berri eta justuago batzuei ateak ireki diezaizkiotelakoan, patente eta errentetaz haratago, aukera teknologiko berriak edonoren eskutan jarriz. Oraingoan txanpon beraren beste aldeaz jardungo naiz, nola teknologia berbera erabiltzen hasi diren burtsan maiztasun altuko trading-aren sektorean, hau da, espekulazio automatizatuaren barnean.

Gaur egungo burtsa-transakzioak zerbitzari informatikoen aurka egiten dira eta joerak identifikatuz gero erosketa-salmentak oso arin eginda posible da ehuneko handi batean etekinak bermatzea nimiñoak badira ere. Transakzio konpurua handia bada, etekinak interesgarriak bihurtzen dira, baina garratzitsua da abiadura: errore margina txikitzen du, broker automata hauek fisikoki zerbitzari hoietatik ahalik eta gertuen jarri nahi izateraino.

FPGA teknologiaren abantailetako bat erantzun denbora (latentzia) azkarrarena da (nanosegundutakoa), mahaigaineko ordenagailu edo bestelako prozesagailu sekuentzialak baino askoz azkarragoa. Horrela, FPGA teknologia geroz eta presenteago dago gaur egungo trading finantza ekosisteman.

Eta horrela jarraitzen dugu, partekatze eta lan duinerako erabili daitekeen teknologia espekulaziorako eta burbuilak puzten dituen lanerako erabiltzen. Gure esku dago, 3D inprimagailuak protesiak edo bizitza hobetu (edo salbatu) dezaketen inpresioak egiteko erabili beharrean, pistolak inprimitzeko erabiltzean bezala.

Gero errua teknologiarena izango da.

PCB txartelen garapena

pcb

Printed Circuit Board (PCB), edo inprimitutako zirkuitu txartela, konponente elektronikoak elkar konektatzeko pista eroaleak dituen azalera bat da. Irratiak eskala handian produzitzearekin batera hedatu zen ideia da, bigarren mundu gerra amaitutakoan.

PCBak egiteko modu klasiko hura artesanala ere izan zitekeen, argazki bat errebelatzea bezala. Lehendabizi, zirkuitua kalko paper batean inprimitzen (edo marrazten) zen eta argi ultrabioleta erabilita plaka fotosentikor baten azalera eraman. Ondoren, likido errebelatzaile batetik pasatu (adib., sosa bikarbonatoduna) eta ur erasotzaile batean eduki ostean (e.g., akuafortea eta ur oxigenatua), PCBa gainean konponente elektronikoak eztainuz soldatzeko prest genuen.

Gaur egun, PCBak ordenagailutan, mugikorretan… edonolako aparailu elektronikoren barnean aurkitu ditzazkegu, baina konponente elektronikoen konplexutasunak eta tamainu txikiak prozesu aurreratuagoak eskatzen dituzte baita kasu batzuetan geruza fin asko ere.

Diseinuak CAD programak erabiliz egiten dira. Hauen artean agian EAGLE da ezagunena, nahiz eta software askea ez den, ordaindu gabe erabili daitekeelako helburu ez komertzialetarako (txartelaren tamaina limitazioarekin). Badaude komunitateak garatutako CAD programa duinak, besteak beste gEDA edo KiCAD. PCBaren diseinuak hiru ardatz nagusi izaten ditu normalean: beharrezko neurrietan sartzea, seinaleen integritatea bermatzea eta zarata elektromagnetikoa ekiditea (EMC).

Landutakoa inprimitzeko makinatxo bat enpresek eskaintzen dituzte zerbitzuak internet bitartez: Multi-CB, OlimexExpressPCB… oso negozio eredu desberdinak dituzte eta txartel kopuruaren eta tamainaren arabera asko aldatzen dira prezioak batetik bestera. Hauetako batzuk konponenteak soldatzeko aukera ere eskaintzen dute. 

Sistema txertatudun produktu bati ad-hoc diseinatutako PCB bat garatzea oso gauza arrunta da ez baita garestia eta balio erantsi interesgarriak dakartzalako: kustomizazioa, konponente minimoen erabilera… eta asko damolate!

Arduino baten PCBa

Garapen txartelak, Hardware askea eta Intentzioa

Mikro-kontrolagailua daukaten garapen edo ebaluazio txartelak development edo evaluation board ingelesez) merkatu txertatuan aspalditik erabiltzen diren aparailuak dira.

Freescale-n “KwikStik”, nire esku artean erori den azken garapen txartela (35€)

Freescale-n “KwikStik”, nire esku artean erori den azken garapen txartela (35€)

Garapen txartelak mikro-prozesagailu konkretu bat programatzen ikasteko erabili ohi izan dira, horretarako oso oinarrizko hardware bat eskaintzen dutelarik. Edo periferiko askoko mikro-kontrolagailuen potentziala erakusteko eginak daude eta normala izaten da ondoren diseinatuko diren txartelen inspirazio (kopia) iturri bihurtzea. Horretaz gain, software basiko bat (konpilatzailearen bertsio limitatu bat) eskaintzen dute hardware txartelarekin batera, baita eskematiko, osagarri eta bestelako informazio gehiagarria ere (adib., layout-a, dokumentazioa), eta prozesagailuaren fabrikatzaileak berak banatzen ditu.

Beharbada horregatik, kontzeptu ezaguna zaigulako, hardware askearen (open hardware) mugimenduak ez du merkatu txertatu profesionalean oihartzun berezirik eduki. Izan ere, hardware askeko txartel baten (adib., Arduino) eta garapen txartel baten arteko berdintasunak nabarmenak dira, besteak beste, oinarrizko hardware eta softwarea eskaintzen dituzte, berau osatzeko xehetasunak eta de facto posible da beraiek kopiatzea garapen berri bat egiteko. Non da hortaz hardware askearen berrikuntza? Prozesagailu zaharkituak erabiltzen dituzte gainera!

Ñabardura txikia da, baina guztiz iraultzailea: intentzioa. Hardware askeak intentzio sozial argia dauka, eta ez bakarrik hobby komunitatera zuzendu daitekeelako (1976an honezkero KIM-1 txartela eskuragarri zegoen filosofia horrekin, eta goiko argazkiko “KwikStik”-ak ere merkatu hortara zuzenduta dagoela dirudi hein batean). Garapen txartelen intentzioa fabrikatzilearen txipa erabilaraztea da sektore industrialean. Hardware askearena norbanakoa garapen txertatuak egiteko ahalduntzea. Ondoren, bigarren maila batean jarriko nituzkeen ezberdintasunak daude, hardware askea end edo amaierako

produktu izateko diseinatua dagoela (adib., gogorragoa), berrerabiltzailea lizentzia askeekin babestua dagoela, edo txartelka bere hortan kopiatu eta berkomertzializatu daitezkeela.

Edonola, softwarearen kasuan ez bezala, hardwareak produkzio bolumen
handien beharra du txip konkretu bat eraikitzeko beharrezkoa den teknologia oso garestia delako (diseinu konkretu bat silizioan “errebelatzeko” maskara batek Bilioi bat dolar balio ditu). Hortaz, hardware askeko txartelek existitzen diren txipekin jokatzeko aukera ematen dute soilik. Apur bat ezberdina da FPGA teknologiaren kasua, hauetan posible da hardwarea deskribatzea, eta txip hauen etorkizuneko negozio eredua horrelako IP core-en inguruan dagoela dirudi. Martxan dago, adibidez, Opencores webgunea edonolako hardware dispositiboren deskripzio sintetizagarriak askeak eskaintzen dituena. Baina FPGAtan ere txipak programatzeko kodea (bitstreama) ez da irekia.

Hortaz, hardware askearen mugimendua ilusioz eta eszeptiko dakusat. Ilusioz, sektore ezberdinetako jendeak (irakaskuntza, artea) sistema txertatuetara gerturatu dituelako, eta “kobazulotan” gordetako “friki” elektroniko asko hauekin kontaktuan jarri dituelako, teknologiaren gizarteratzea hitz batean. Eszeptiko, hortik aurrera berrikuntza teknologiko edo kontzeptual gutxi antzematen direlako, ez delako guztiz askea multinazional handien dependentzia argia dutelako txip produkzio kostu handiak direla eta.

Hala eta guztiz ere, gaur egungo hardwarearen askatasun maila honetan bada ere, gizartearen eraldaketa prozesuan giltzarri izan daitezke, norbanakoak “dena eginda erosteko/lortzeko” pentsamendutik ateratzeko eta pertsonak proiektutan inplikatzeko.

“Dok” nok! “Don” non?

Astelehenean, hilak 15, aurkeztu nuen nire doktoretza lana Viennako unibertsitate teknikoan. Bertan izan ziren nire superbisore Obermaisser irakaslea Siegenetik, Goossens Irakaslea Eindhovenetik eta Schmid Irakaslea Viennatik bertatik. Baina, batez ere, azkenengo 3 urtetan departamentu kide izan ditudan lagunak: Christian, Armin, Roland, Bekim, Benedikt eta Iban.

Aurkezpenaren une bat (Argazkia: Iban Ayestaran)

Aurkezpenaren une bat (Argazkia: Iban Ayestaran)

Doktoradutzak lekuz aldatzea eragin dit sarri, Bergara, Arrasate, Vienna eta Siegenen hilabetetako egonaldiak eginez, eta Estatu-Batuetara edo Australiaraino eraman nauten kongresu bidaiak medio. Doktoradutzak nire kabuz antolatzea eragin dit sarri, nire ideia, nire mugarri eta nire arazoen inguruan, bakardadean.

Norbera eta instituzioen arteko elkarrekintza zentralizatua bihurtu da doktoradutza, globalizatua, eta talde lanaren beharrik gabea. Behin bukatuta “Dok” eta “Don” deitu zaitzaten, bizi artean errenta hortatik bizitzeko. Eta irabazitako autonomia garai berrietarako egokiena ez dela sinistuta nago.

Banago ba ni etorkizuneko ikerketa sakonketa prozesuak bestelakoa beharko lukeela. Instituzioekiko zertifikazio bat baino jendearterako konpromezu bat. Norberaren lana baino, lantalde baten lana pertsonaz pertsonako sareetan landuan instituzio eta unibertsitateen gainetik. Eta prestigiorik balego, berau mantentzeko eguneroko lana eskatzen duen modelo bat.

Horrela egingo diot aurre aro berriari, besteekin.

Txertatze Kanpaina 2012

Larunbatean, Blogsoviet-eko lagunak batu ginen zerbitzari txertatu eta banatuen inguruan gogoeta egin eta apur bat katxarreatzeko.

Aurkezpen txiki bat egin (azpian) eta WordPress blog bat Raspberry Pi txartel baten gainean montatzeko ariketa egin genuen Nginx eta MySql erabiliz. Status.net sare-sozial zerbitzari bat ere “Raspi” gainean instalatzea proposatu zen eta laister egingo dugu aproba.

Hortaz, (zure zerbitzaria) txertatzeaz ez ahaztu, aukera bertan, negu gorria dator eta.

Zerbitzari banatuak